XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Akatsik gabeko antolaketa, zirkuito idiliko bat eta eguraldi ona Oñatiko Kilometroaken ezaugarri

Mila eta bostehun lagun behar ziren Igandean Oñatin egingo den Kilometroak 89ko zerbitzuak atenditzeko eta beste hainbeste egunotan zehar azpiegitura puntuan jartzeko.

Horiek eta gehiago bildu dira atzo arratsaldean antolaketa arduradunek egunkari honi deklaratu ziotenez.

Azken egunera arte boluntarioen zerrenda zabalik izan dugu eta askori lanik ez dagoela eta etxera itzultzeko agindu behar izan diegu, esan zuten.

Atzo San Migel eguna zen Oñatin, herriko festaburua, alegia eta horregatik beharbada azpiegitura mailako lan guztiak bukaturik zituzten: Ostirala eta larunbata herriko festa egun nagusiak zirenez jendea lehenago mugitu da eta dena prest utzita joan dira festetara.

Dena den, batzorde batzuek, jakiak prestatu behar dituztenek batipat, ez dute jairik hartu eta buru-belarri ari dira lanean, zioten.

Oñatik duela hogeita hamasei urte eratu zuen Munduko Kros Txapelketa izan da Kilometroak eratzerakoan herriak erabili duen erreferentzia.

Ekitaldi hartan ere herri osoa bolkatu zen lanean eta mundu osoko kronista deportiboek Oñatikoen antolaketa paregabea haizatu zuten lau haizetara.

Aurtengo Kilometroak-ekin honelako zerbait lortu nahi dute, baina Euskal Herri mailan.

Herriaren izen ona jokoan bailego bezala egiten du jendeak lan eta hori kontajiatu egiten dela esan daiteke, sekulako arrakasta izan baitugu antolaketa bideratzeko orduan.

Adin guztietako jendea mobilizatu da.

Herriko hogeita bat soziedadeak izan dira eraketa honen oinarri eta ikastolaren inguruko jendea izan da zuzentzen aritu dena, esan zuten.

Eguraldi ona zirkuito hobean Kilometroak berri bat antolatzen den bakoitzean, agerira agertzen den buruhauste nagusienetakoa eguraldiarena izan ohi da.

Oñatiarrak ere kezka honekin ibili dira eta Usabiagarekin, ETBko metereologoarekin eta Pello Zabalarekin hitzegin ondoren, eguraldi ona garantizaturik dutela erabaki dute.

Irlanda aldean antizikloia kokaturik dagoenez, eguraldi ona izango dela segurtatu digute eta ez gara Bideurretako mojetara ere joan mesede eske, esan zuten.

Eguraldiak lagunduko duela gauza segurua izanik, inoiz Kilometroetan izan den zirkuitorik ederrena izango da igandekoa, herri horrek dituen edertasun ugariez gozatzeko aukera eskainiko baitu.

Hasteko, esan behar da, Oñatiko hirigunea monumentuz jositako gunea dela: Unibertsitatea, San Migel eliza, Bideurretako monastegia, Lazarragako etxea eta beste hainbat Zirkuitoaren lehen eta bigarren arean kokatzen dira gehienak.

Lagungarri gisa, monumentu bakoitzari buruzko datuak panel batzuetan jarriko dira.

Hala ere, zirkuitoaren zatirik haundiena Aloña mendiaren magalean ezarri da.

Herriko enparatzan dago Ikastola eta han jarri dute lehen area eta, Altzibarren, Zahor txokolate fabrikaren ondoan bigarrena.

Hirugarren Santa Lutzian, laugarrena Asentzion, bosgarrena San Martinen eta seigarrena Unibertsitatean Area guztiek kerizpe guneak dituzte, zuhaitz ederrekin.

Zirkuito nagusi honek bost kilometro eta seirehun metrotako luzera du.

Area guztiek bista onak badituzte ere, Asentziotik dagoke ikuspegirik ederrena.

Guztietan baselizak dira eta San Lutziatik Asentzio bitartean dagoen Tokillo baserrian sorpresatxo bat ezarriko dute antolatzaileek.

Haritzak, pagoak, urritzak, altzak... hogeita sei zuhaitz ezberdin dira zirkuito horretan eta guztiei beren izen zientifikoak jarri zaizkie biharko.

Bide horretan diren baserrien artetik Ubaoko Makinetxea izan daiteke ikusgarriena.

Ur faltarik ere ez da izango, hirur iturri natural baitira bidean.

Oiñati egunotan festetan dagoela kontutan izanik eta kanpotar asko etor daitezkeela pentsatuz, kanping bat ere antolatu dute Tuertokua deitzen zaion zelaian, bertan gosari, bazkari eta afariak ere emango direlarik.

Bide ekologikoa Zirkuito nagusiak eskaintzen dituen edertasunekin asetzen ez direnentzat bide alternatiboa ere prestatu dute oñatiarrek, zirkuito ekologiko bezala bataiatua dutena.

Bide ekologiko hori zirkuito nagusiaren hirugarren areatik, Berezaotik konkretuki, abiatuko da 4.800 metrotako itzuli baten buruan laugarren areara, Asentziora, irteteko.

Ubao erreka inguruko pista zati txiki batetaz kanpo, zolu guztia porlanezkoa da.

Goizeko 9etan Bitoriano Gandiaga poetak bere testu bat irakurriz jarriko da martxan makinaria haundi hori eta egun osoan zehar izango da zertaz gozatu eta zer ikusirik.

Gandiagaren poema horren mila kopia eman ditu argitara antolaketa batzordeak beranduago joaten direnek ere mezuaren berri izan dezaten.

Hasierako giroa segurtatzeko txalaparta, Zubietako Zanpatzarrak, Oñatiko Banda eta Herriko Txistulariak izango dira.

Zirkuitoaren sei area nagusietan zehar edozein adin, gusto eta zaletasun asetzeko adina ekintza eta ekitaldi izango da.

Erredakzio honetara igandeko Kilometroetara joateko dei eginez iritsi diren idazkien artean euskal eskola nazionala erreibindikatuz HBk argitara eman duena aipa daiteke.